Alderdiak Bilduri eskatu dio ere gai honen inguruan duen iritzia eman dezala, Bilduren hautagaietako bati leporatzen baitio aztarnategiari egin zaion erasoaAralarrek gaur Foru Aldundiaren aurreko plazan egin du propaganda banaketa. Komunikabideen aurrean Aralarren Batzar Nagusietako hautagai Iñaki Aldekoak hartu du hitza, eta Iruña-Veleia aztarnategiaren harria Aldundiak egin duen kudeaketa kritikatu du. Horregatik, Bildu koalizioari eskaera egin dio, gai honen inguruan daukan iritzia eman dezan, “kontuan izanda koalizioaren hautagaietako bat Lopez de la Calle diputatu ohia dela, eta bera da, hain zuzen, hondamendi honen arduraduna eta kudeaketa txarraren arduraduna”. Bestalde, EAJri ohartarazi dio, Arruabarrenan andreak hartutako ildoari eusten badio, jeltzaleek ez dutela Aralarren babesa izango.
Aldekoak esan du “gizartearen gehiengoa arduratuta dago Iruña-Veleian egin den kudeaketaren harira eta bere etorkizunaren harira”. “Aztarnategi honen ondarea oso garrantzitsua da historiaren ikuspuntutik eta gure identitatearen parte den heinean”. Aralarrek alor honetan daukan proposamena ere argitara eman du: lehenengo, Iruña-Veleia plan zuzentzaileari luzamendua ematea; bigarren, Aldundiak berak bere ekimenez eta laborategi independenteekin aztarnen azterketa egitea, epaile batek hala eskatuta; bukatzeko, Lurmenen aurka dagoen salaketa indarrik gabe uztea.
Aralarrek bere kanpainarekin jarraituko du bihar, bi ekitaldirekin. Goizean, Gasteizko Sefarad plazan elkartuko dira militanteak, propaganda banaketa egiteko. Beraiekin batera Jon Abril koordinatzaile ordea eta Mikel Basabe legebiltzarkidea izango dira, goizeko 11:00etan. Arratsaldean, Aralar Laudiora joango da. Laudion, Dani Maeztu legebiltzarkideak herriko Aralarren hautagaitzari babesa eskainiko dio.








