Larunbat goizean, makina bat aralarkide eta Aralarzale elkartu ginen Gasteizen. Makina bat lagun, bere burua eskaini dutenak XXI. mendeko Ezker Abertzalearen alde lan egiteko, eta dagoeneko lanean dihardutenak ilusioz eta gogo handiz, Arabako makina bat txokoetan. Oztopoak oztopo, bidea umiltasunetik ausardiaz egiten dihardutenak.
XXI. mendeko Ezker Abertzaleari bidea ireki nahi diotenak. Giza eskubide guztien errespetuan eta aniztasunean oinarrituta. Azken finean, Arabako gizartea, Euskal Herria anitza delako. Gure jardunean pertsona guztiak kontutan izan nahi ditugulako, baita euskal preso guztiak eta biktimak ere.
Horretan jardun dugu azken 10 urte hauetan Aralarren eta jarraitu nahi dugu ilusioz lanean: XXI. mendeko Ezker Abertzalearen oinarriak ezarriz.
Herritarron zerbitzura ezker eraldatzaile, eraginkorra praktikan jarriz, egunerokoan aurkitzen garen arazoei konponbidea emateko, sustraitik konponbidea emateko. Are gehiago bizi dugun egoera sozio- ekonomiko larri honetan. Eta ez gobernatzen gaituen eskuinak, EAJ eta PSE-EEk egiten duten bezala, berriro ere krisian murgiltzen gaituzten partxeoak ezarriz.
Benetako alternatiba izan nahi dugu eta ez alternantzia. Herritarren alde lan egin nahi dugu, eta ez krisira eraman gaituzten botere – ekonomiko espekulatzaileen alde. Politika eta erakundeen lobby bakarra herritarrak izanik.
Horregatik, 2011ko hauteskundeetara ARABAN ere gogo handiz, ilusioz aurkezten gara, Arabako Batzar Nagusietan, Arabako makina bat udaletxeetan arabarrei erakundeetako ateak ireki eta beraiekin eskutik lan egiteko. Araban bidea irekitzeko independentziari! Araban bidea irekitzeko ezkerraren erradikaltasunetik, edukietan oinarrituta, ezberdinekin akordioak bilatzeko gai denari!








